2011/12/17

Agur KOSKA, ondo etorri JUSTURI!


Uribe Kosta eta Erandioko euskalgintzaren zazpi elkartek indarrak batu dituzte eta denen artean Justuri (tximista, bertako euskaraz) irrati euskalduna sortu dute. Datozen asteotan zabalduko den FM irratientzako deialdian, Eusko Jaurlaritzak Uribe Kostako euskaldunei lau lizentzietatik bakarra gordetzea salatu nahi izan zuten orain bi aste eginiko prentsaurrekoan.

Eskualdean ia 100.000 euskaldun aktibo zein pasibo bizi dira eta orain arte irratien %13a baino ez dute beren hizkuntzan izan. Hori dela eta, ez daude aukera txiki hori ere galtzeko prest eta indarrak batuz aurrera ekin diote proiektuari.
Egitasmo berrian parte hartuko du Koska irratiak eta bere ondare guztia emango dio irrati berriari.

Irratia multimedia, parte-hartzailea, euskalduna eta tokikoa izango da, komunitateari zerbitzu publikoa eman eta Euskal Herriko beste irratiekin elkarlanean arituko dena. Oraingoz honako eragileek osatu dute talde sustatzailea: Berbalamiñe Leioako euskara elkartea, Betiko ikastola, Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkartea, Erandion Euskaraz Berbots!, UK aldizkaria, Ukberri.net eta Koska irratia.

Azpimarratu testua eta klikatu hemen entzuteko

Hitza.info ziber hedabidearen analisia (V): azterketa eta ondorioak

Ondorengo iruzkinean, Hitza.info hedabidearen analisi sozio-pragmatikoa landuko da, ikuspegi soziolinguistikoa, funtzionala, eta estiloa kontutan hartuz, ondorio batzuk azaleratzeko. Euskarri fisikoari garrantzi gehiago ematen diote eta ziber hedabidea bigarren maila batean geratzen da eta honek, hedabide digitalaren azterketa egiterako momentuan nabaritu egiten da.

Hasteko, ikuspegi soziolinguistikotik begiratuta, kontutan hartu behar da Hitza.info hedabidea eskualdeka funtzionatzen duen egunkari euskalduna dela. Gaur egun ez da argitaratzen eskualde guztietan, baina bai askotan. Hori da bere oinarri eta indargune nagusia. Izan ere, euskara hutsean argitaratzeaz gain, leku batzuetan eguneroko jarioa du eta oso garrantzizkoa den gertutasuna eskeintzen die hartzaileei. Euskararen mesede eta sustapenerako lan egiten du eta horretarako euskara batua erabiltzen du. Hala ere, eskualde bakoitzeko euskalkien hitz batzuk txertatzen dira gertutasun horren erakusle.

Ikuspegi soziolinguistiko honetatik hedabide interesgarria da eta aipatzekoa da euskararen normalizazioaren prozesuan egiten duen lana. Jakin badakigu, Hitzak eskaintzen duen gertutasuna oso preziatua dela hartzaileen artean, baina nire ustez, gaur eguneko Hitzak gehiago eskeini beharko luke.

Oro har, interes sozialeko gai eta albisteak jorratzen dira. Finean, informaziozko komunikazio eredua lantzen duela esan daiteke, baina ikuspegi funtzionala aztertuz gero, multimediatasuna eta hipertestuari dagokienez, ez dira gehiegi lantzen ( bideo, argazki, audio…gutxi agertzen dira eta hiperestekarik ez da apenas erabiltzen). Igorle eta hartzailearen arteko feedback-a gehiago sustatu beharko lukete, euskararen corpus orokorra elikatzeko asmoa baldin badago.

Estiloaren aldetik ere, webgunea erakargarriagoa eginez gero, horrek elkarreraginean eta honen zabalpenean asko lagunduko luke. Hipertestuekin jolastu beharko lukete eta hipermediaren erabilera eta garapena landu. Testu asko, letra hutsarekin aurkezten dira, inolako link, grafiko edota argazkiren laguntzarik gabe eta hori apur bat landuz gero, askoz interesgarriagoa izango litzatekeela pentsatzen dut.

Orokorrean, oso hedabide interesgarria dela pentsatzen dut eta lehen esan bezala goraipatzekoa da haien lana orokorrean. Ez dago dudarik Hitza.info bezalako hedabide digitalak beharrezkoak direla gure hizkuntza, kultura...eta horrelako gaiak zabaldu ahal izateko, baina hedabidea hobetze aldera, proposamen batzuk etortzen zaizkit burura.

Alde batetik, informazio/edukien eskaintza (Hitza guztiak ez dira berdinak) apur bat pobrea geratzen da egunerokotasunean argitaratuz gero. Nire aburuz, astean bi aldiz (bata astean zehar eta bestea asteburuetan) argitaratuko balute, aberasgarriagoa izango litzateke.

Bestetik, tresna oso egokia da eskualdeartekotasuna lantzeko, baina era egoki batean antolatu beharko litzateke. Adibidez, aiaraldea.com web orrialdearen antolaketa, eskualdeen arteko harremanak, sare sozialen antolaketa...oso ona iruditzen zait nik azaldu nahi dudanaren eredutzat ipintzeko.

Eta azkenego gomendio bezala, euskarari dagokionez, albisteak lekuan lekuko euskalki bakoitzaren kutsuarekin plazaratu beharko lirateke. Honela, antolaketa egokiarekin eta euskara batu euskalkituaren laguntzarekin, beste eskualdeetako jendearengana era errazago batean heltzeko aukera handiagoa legoke eta eskualdeen arteko harremanak sustatu eta aberastu ahal izango lirateke.




Hemen doa testua

EUSKERAZKO HEDABIDEEN GARAPENERAKO ERRONKAK


Azkenengo 30 urteetan euskararen presentziak gora egin duen arren, oraindik ere oso txikia da Euskal Herrian, euskara hutsean irakurtzen, ikusten eta entzuten diren komunikabideak. Euskal hedabideek, euskararen mapa osatzen izugarrizko lana egiten dute eta haien presentzia berebizikoa da euskararen normalizazioaren bidean aurrerapausoak emateko.


Lehen baino jende gehiagok kontsumitzen ditu euskaraz egindako produktuak eta horren arabera, hedabideek haien erronkak moldatu behar izan dituzte. Alde batetik, denok dakigunez, euskaraz soilik ekoiztutako produktu batek, gaztelaniaz eginiko edo elebiduna (euskera/gaztelania) den baten aurrean hiltzeko arrisku gehiago du. Hibridotasun horren adibide dira EiTB2, GARA…Eta bestetik, hizkuntzaren normalizazioari lagundu beharrean gaude. Bigarren honetan dago arazoa…moralki egokia dena egiten dugu? Edo gure bizitza bermatzen dugu? Zein izango litzateke aukera egokia? Soilik aukera hauek al ditugu?


Gaur egun, interneten aroan bizi gara, web 2.0 garaian eta denok egokitu behar dugu horretara. Ez dira berdinak lehengo eta oraingo erabiltzaileak. Gaur egunekoek ez dute denbora libre askorik eta tarte horretan informazio asko jaso nahi dute. Informazioa zehatza, argia eta azkar kontsumitzekoa izan behar du. Euskal hedabideen kasuan, hau indartzea haien kontsumoaren gorakadan lagunduko lukeela pentsatzen dut, baina kontuz ibili behar gara; EEBBetan ez bezala, hemen, “janari azkarra” kontsumitu dezakegu, baina beti ere kalitatezkoa. Azkar, labur eta erraz terminoek ez dute produktuaren kalitatea zertan jaitsi eta hori da hartzaileak , nire aburuz, eskatzen duena.


Honen guztiaren isla, sare sozialen erabilpenaren gorakada izugarria da. Multimediatasunean bizi da hartzailea eta entretenitzen den bitartean informazioa bilatu eta eguneko albisteak jakin nahi ditu. Horretarako tresna garrantzitsu hauen euskarazko kontsumoa sustatu behar dituzte hedabide digitalek, era informal honetan, baliteke euskararen bultzada handi bat ematea eta era berean gure hizkuntzaren zabalpenean laguntzea.


Esan dudanaren arabera, euskararen presentzia hedabideetan behar-beharrezkoa da nire ustean, baina beti ere kalitatezko produktu zehatz, azkar eta mamitsu bat eskainiz. Ez ditugu internetek eskaintzen dizkigun baliabideak alde batera utzi behar ,multimediatasun izaera landu beharra daukagu, interaktibotasuna eta batez ere, hartzailearen parte hartzea bermatu. Azkenik, euskararen maparen zabalpenari dagokionez, gertuko gizarte-sareak indartu beharko genituzkeela iruditzen zait. Hemen, tokiko hedabideak kokatuko genituzke eta hauek eskaintzen duten gertutasuna, euskararen erabileran eragiteko behar-beharrezkotzat jotzen ditut.



Hemen doa testua

2011/12/14

Negua heldu da Euskal Herrira

Egun hauetako tenporala ikusita, euria, haize uffada handiak, trumoiak, izugarrizko hotza kalean...onena, etxeko berotasunean murgildu, musika apur batekin lasaitu eta kafe bero bat eskuetan duzula sofan eseri eta disfrutatzea izaten da......
Zein izaten da zuen plan ideala?



Neguko soinu paisaia