2011/12/17

Hitza.info ziber hedabidearen analisia (V): azterketa eta ondorioak

Ondorengo iruzkinean, Hitza.info hedabidearen analisi sozio-pragmatikoa landuko da, ikuspegi soziolinguistikoa, funtzionala, eta estiloa kontutan hartuz, ondorio batzuk azaleratzeko. Euskarri fisikoari garrantzi gehiago ematen diote eta ziber hedabidea bigarren maila batean geratzen da eta honek, hedabide digitalaren azterketa egiterako momentuan nabaritu egiten da.

Hasteko, ikuspegi soziolinguistikotik begiratuta, kontutan hartu behar da Hitza.info hedabidea eskualdeka funtzionatzen duen egunkari euskalduna dela. Gaur egun ez da argitaratzen eskualde guztietan, baina bai askotan. Hori da bere oinarri eta indargune nagusia. Izan ere, euskara hutsean argitaratzeaz gain, leku batzuetan eguneroko jarioa du eta oso garrantzizkoa den gertutasuna eskeintzen die hartzaileei. Euskararen mesede eta sustapenerako lan egiten du eta horretarako euskara batua erabiltzen du. Hala ere, eskualde bakoitzeko euskalkien hitz batzuk txertatzen dira gertutasun horren erakusle.

Ikuspegi soziolinguistiko honetatik hedabide interesgarria da eta aipatzekoa da euskararen normalizazioaren prozesuan egiten duen lana. Jakin badakigu, Hitzak eskaintzen duen gertutasuna oso preziatua dela hartzaileen artean, baina nire ustez, gaur eguneko Hitzak gehiago eskeini beharko luke.

Oro har, interes sozialeko gai eta albisteak jorratzen dira. Finean, informaziozko komunikazio eredua lantzen duela esan daiteke, baina ikuspegi funtzionala aztertuz gero, multimediatasuna eta hipertestuari dagokienez, ez dira gehiegi lantzen ( bideo, argazki, audio…gutxi agertzen dira eta hiperestekarik ez da apenas erabiltzen). Igorle eta hartzailearen arteko feedback-a gehiago sustatu beharko lukete, euskararen corpus orokorra elikatzeko asmoa baldin badago.

Estiloaren aldetik ere, webgunea erakargarriagoa eginez gero, horrek elkarreraginean eta honen zabalpenean asko lagunduko luke. Hipertestuekin jolastu beharko lukete eta hipermediaren erabilera eta garapena landu. Testu asko, letra hutsarekin aurkezten dira, inolako link, grafiko edota argazkiren laguntzarik gabe eta hori apur bat landuz gero, askoz interesgarriagoa izango litzatekeela pentsatzen dut.

Orokorrean, oso hedabide interesgarria dela pentsatzen dut eta lehen esan bezala goraipatzekoa da haien lana orokorrean. Ez dago dudarik Hitza.info bezalako hedabide digitalak beharrezkoak direla gure hizkuntza, kultura...eta horrelako gaiak zabaldu ahal izateko, baina hedabidea hobetze aldera, proposamen batzuk etortzen zaizkit burura.

Alde batetik, informazio/edukien eskaintza (Hitza guztiak ez dira berdinak) apur bat pobrea geratzen da egunerokotasunean argitaratuz gero. Nire aburuz, astean bi aldiz (bata astean zehar eta bestea asteburuetan) argitaratuko balute, aberasgarriagoa izango litzateke.

Bestetik, tresna oso egokia da eskualdeartekotasuna lantzeko, baina era egoki batean antolatu beharko litzateke. Adibidez, aiaraldea.com web orrialdearen antolaketa, eskualdeen arteko harremanak, sare sozialen antolaketa...oso ona iruditzen zait nik azaldu nahi dudanaren eredutzat ipintzeko.

Eta azkenego gomendio bezala, euskarari dagokionez, albisteak lekuan lekuko euskalki bakoitzaren kutsuarekin plazaratu beharko lirateke. Honela, antolaketa egokiarekin eta euskara batu euskalkituaren laguntzarekin, beste eskualdeetako jendearengana era errazago batean heltzeko aukera handiagoa legoke eta eskualdeen arteko harremanak sustatu eta aberastu ahal izango lirateke.




Hemen doa testua

No hay comentarios:

Publicar un comentario