2011/12/28

Euskara plaza guztietan nahi dugulako; aritu, erabili eta soinua atera

Euskararen komunitate birtualak egunero-egunero zabaltzen doazen sare handi bat dira baina, ba al daukagu informazioarik hauen inguruan? Nork laguntzen du komunitate hauek garatzen? Ze ezaugarrik bereizten dituzte eta zein izango litzateke haien estrategia soziolinguistikoa? Nola ehundu beharko genuke harreman sare hori?



Galdera hauen eta beste askoren erantzunak entzun genituen, 2011ko abenduaren 20an, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko Auditorium-ean Agurtzane Elordui irakasleak antolatu zuen mahai-ingurua entzun ahalizan genituen.Hemen, euskarazko webguneen antolatzaile eta sustatzailegarrantzitsuenetariko batzuk izan genituen hizlari moduan: Lontzo Sainz (Eitb-koComunity Managerra), Maite Goñi (Euskal Jakintza), Idurre Eskisabel (Berria), Hasier Etxeberria (ZuZeu), Lander Arbelaitz (Argia) eta Luistxo Fernandez (Sustatu).

Mahai-ingurua Euskal Komunitate Birtualak izenpean aurkeztu zen eta hau dinamizatzeko asmotan, lau galdera eginzitzaizkien adituei:

1-Sareko teknologia berriek erraz dezake euskaldunen arteko komunikazioa? Euskaldunen harreman-sareen ehuntzea eta sendotzea? Zein aukera eta arrisku daude sarean euskara bezalako hizkuntza gutxitu batentzat?
2-Erabiltzen du euskaldunak euskara interneteko sareetan komunikatzeko? Zein euskaldunek? Zein da online komunitatearen euskarazko erabiltzailearen soslaia? Zelan zabaldu daiteke soslai hori? Zelan bereganatu euskal komunitate birtualetara sareko erabiltzaile gaztea?
3-Zein dira online komunitate baten arrakastaren gakoak? Gako horiek baliagarriak dira euskaraz diharduten erabiltzaile/komunitateetarako?Zertan bai, zertan ez?
4-Zein hizkuntza-politika jarraitu behar da sareko blog, webgune, albistarieta abarretan euskarazko sareak ehuntze eta sendotze aldera? Sarekogune ofizialen politikek sustatzen dute euskararen komunitate birtualen ehuntzea? Zein hizkuntza politika bultzatu beharko lukete horretan laguntzeko?

Hizketaldia atsegina egin zitzaidan erabat, gauza oso interesgarriak entzun ahal izan nituen bertan. Handik pare bat ideia argirekin joan nintzen, eta beste askok gogoetara bultzatu ninduten.

Interneten,ez dago hizkuntza txikirik. Ahalmen handia dago. Eta hizkuntza handien artean, haiekin batera, Euskarak badu bere lekua. Nahiz eta azkenengo urteetan euskararen erabileran beherakada izan dugun, Lander Arbelaitzek, Internetek gure alde dauden aukera batzuk eskaintzen dizkigula azaldu zigun: Alde batetik, Euskarak ez du hizkuntza zaharkituaren etiketa, munduan dauden 6000 hizkuntzetatik, Wikipedian, gutxi gora-behera berrogei garren postuan dago Euskara. Hori al da hizkuntza zaharkitu baten egoera? Eta bestetik, hizkuntza modernizatze aldera, teknologia berrien azkenengo berrikuntzetan ere, muturra sartzeko ahalegina egin beharko genukeela adierazi zuen. Batez ere gazteak dauden lekuetan, sare sozialetan. Oso zaila da euskararen erabilera leku hauetan mantentzea eta arrazoia zuen Idurrek, kalean egiten den berdina egiten da sarean aipatu zuenean.


Honen inguruan, Maite Goñik galdera hauek botatzen zizkigun: Zer da garrantzitsuena, interfaz-a euskaraz izatea edo komunitate hori, nahiz eta erdaraz egon, guk euskaraz erabiltzea? Askotan Google bezalako erraldoi baten onarpena beharrezkoa izaten da aurrerapausoak emateko eta kasu honetan, Google-ek Euskara onartzea, hau da, gu ere hemen gaudela esatea, izan beharko litzateke gure helburu nagusietariko bat. Maiteren ustetan, honetan aritu eta aldarrikatu beharko genuke beste ezeren aurretik.


Lehen aipatu dugun bezala, Interneten egon beharra daukagu, “sarean ez dagoena ez baita existitzen” eta horregatik, Luistxok esan zigun kontuan izateko gure presentzia,
bermatua egon behar duela, bai teknologia berrietan eta baita sare sozialetan ere. Gaur egun profil profesional ezberdinak aurkitzeko momentuan, enpresa askok leku hauetara jotzen dute harreman hauek garatzeko eta gure etorkizunean asko lagundu diezagukete. Lontzok esan bezala, gure Curriculuma izan daiteke!


Hizlari denak adoz egon ziren eta baita ni ere Luistxo Fernandezek, orainarte Euskarazko komunikazioan miseria bat inbertitu egin dela aipatu zuenean. Bai paperaren garaian eta bai Interneteko kontuekin ere, ez dute diru-laguntza publikoetako ia laguntzarik izan. Kasu honetan, goraipatu behar dut han egon ziren sei partehartzaile eta haiek bezalako jende askoren lana, emandako apurrekin ere lan handia egin izan dutelako.


Nire ustetan, Euskarazko komunikazioan inbertitu egin beharko lukete instituzioek. Lehentasun politiko- estrategikoetako bat interneten inbertitzea izan beharko litzatekeelako ideiarekin guztiz ados nago. Euskaldun gazteok ez gaude ohituta Interneten dagoen inolako edukiengatik dirua gastatzera eta Hasierren ustetan, administrazioek behar bezala lagundu ezean, ezingo dute aurrera egin eta euskaldunok ez gara sarean existituko.

Amaitzeko, kontuan hartzen dut aipatu ziren gauza asko ez ditudala esan eta horretarako hemen behean ZuZeuk, Berriarekin batera, zuzenean eskaini zuen bideo hitzaldia ikustera gonbidatzen zaituztet. Norberaren indarrean sinetsi beharra daukagu eta denon laguntzarekin eta kalitatezko produktuak eskainiz, aurrerapausuak eman ahal izango ditugulakoan ziur nago.

Mahai-ingurua ikusteko klikatu hemen




Selecciona un texto y

No hay comentarios:

Publicar un comentario